URA DARIO

 

Yukio Mishimaren gorputzari ura dario,

begietatik antzarak ateratzen zaizkio,

eskuetan mahatsak ditu estutzen,

ahoaren ertzetan eztia doa labainduz,

besapearen koban dago ferekaren sorburua,

belarrietako bideetan barna denboraren hitzak,

bizkarrezurreko desertuan izango faltsuaren markak.

 

Yukio Mishimaren aurpegia lisatzen duen haizeak

ekarri dizkio gomutak,

aulki batean jesarrita balego bezala.

Inora ez doan haizeak.

 

 

© Juan Ramon Madariaga

 


www.susa-literatura.eus