GURE TRISTURAK ETA BELDURRAK
Zer dakarkit pozak
etengabe islatzeko ispilu bat ez bada
edo bizkarrean daramagun mugarria
Zauri gaizki osatuak
egunen etorri ahula edo
nomadismo ziklikoa ez bada
Hazia beste nonbait erein nahiko genuke
gure barnerako gari lurrak
eta ahalik eta kardiograma lausoena izan
esku batekin sortu eta bestearekin apurtzen dena
Isilka ari naiz
isilka ari banaiz beldur naizelako da
isilka ari banaiz esanahia berbera delako da
mezuak irauten duelako
mezurik badelako nire hitzetan
zuri ari natzaizulako nahiz eta isilka eta beldurti ari
Barkatu
baina beti dut
zerbait apurtu dudan sentipena
isilune gozo bat edo
sentipenen oreka errepikakorra
Berdin dio
esku makalez ari banaiz ikatzezko hitzak idazten
ez naiz justiziaz ari
begiak zapi zuriz estaltzen ditudan arren
© Jon Benito