EMAIDAZU TRANTSIZIORAKO AUKERA BAT LUR BERRIAN
Arrainak irteten zaizkizu galtzarbeetan
erlojuak dirudite garbigailuek
trenak ikustera jolasten gara etengabe
Hau ihes baten kronika izan zitekeen
baina ezinezkoa zaigu hondamen hauek abandonatzea
Non dira iragandako pozak
non basamortu emankorrak
parentesi arteko meatze gaziak
panpina zaharren akabatzeak
lur gabeziak oin azpietarako
Irratiak piztuta utzi zituzten ilargian
Munduak zutaz jakin balu bezala
ihes egiten du zubien bestaldera
non gureak ez diren oinatzak dauden
enarenak zaldienak eta anitzez gehiago
Ukabilak dauzkazu ahoan
aipatzen ez dituzun hitzak
eta saminaren abezedarioa
Gorpu hotzak eta bakardade biluzia
besoak bildu eta
bizi metro kubiko bat konprimitzen saiatzeko
© Jon Benito