MARTHAK INGURUNEARI BURUZKO IRAKURKETA EGIN DIGU

 

Marthak ez zekien benetan lurra biribila zela

arrazoiketa sinplea zuten bere zalantzek

 

Inoiz lurra amaitzen ikusi ez zuen arren

aitonak esana zion mundua erlauntza handia zela

eta etxetik kanporako guztia arrotza

 

Yuri Gagarinek munduari bira emateko

atmosfera urratu zuenean

kristauek zeruaren izaera erlijiosoan

sinesteari utzi ziotela esan zion amak

orain ez zekiela zeri heldu

 

Hazten ari zitzaizkion bularren biribiltasun ezaz

ohartuta

lau ume hil ziren bere begietan

 

Hozkailuan gordeta zeuzkan aterkiak

Istripu larria zen hemen horrela bizi beharra

Nork lo egin nahi du erdizka egindako oheetan?

Nork maite ditu bi hanka soilik dituzten zaldiak?

 

Txoriari ez zaizkio hegoak azkarrago hazten

harri gehiago botatzeagatik

 

 

© Jon Benito

 


www.susa-literatura.eus