GABEZIAK

 

Eskuak bildu zituen estu-estu

molekulak konprimitu nahi bailituen

aintzira artifizialak sortu

iragandako malkoekin

 

Hatzen aleazioa egin zuen

ihes baina urak

oxigenoa gasifikatu bailitzan

edo bere egoneza islatu ispilu hartan

 

Hatzak izerditu zitzaizkion

dardara eta higadura bildu

kanal bat zabaldu zuen

distantziak salbatzen diren moduan

 

Ozeano minimalista zen hura

desagerketaren izua

marea behera etengabea

 

Eskuak askatu zituen

eduki urria erortzen utzi

gari sail idorretan

hazia botatzen den moduan

 

Espazioa eraldatu zen

eskuak hutsik zeuzkan

pixka bat heze ordea

 

 

© Jon Benito

 


www.susa-literatura.eus