ITZALEI ABESTEN
Laster hilko zarela esan didate
bihotza nekatu eta birikak desagertu zaizkizula
Ez zatozela gehiago
Hemen aulki bat sobera
aireak itoko ez dituen arrainak
eta tigreak barrenetatik orroka
Bizitza ez da denbora baino
eta hondartza bat desagertzen zaigunero
harriak birrintzen ditugu berregiteko
Lurra jaten dugu baina bazoaz bazoaz bazoaz
Badakigu bat gehiago faltako zaigula
zainak hoztu eta hezurrak gogortuko zaizkizula
bazoazela eta ez zatozela
hau ausentzien melodrama
bat gehiago dugula ehorzteko sinetsi ezina
Ez dakigu ez otoitzik ez irauteko erregurik
Ez dugu itxaropen apurrik biltzeko
Badakigu babesak non eraiki
baina zain gaude urak nondik iragango
lurrak ezin du gure mina iragazi
Orain badakigu eskuak non ipini
luiziak gelditzeko
© Jon Benito