SIBILAREN AUHENA
Ez zitzaizkion erantzun osoak sekula bururatu
Egia esan hiltzeko era ugari daude
eta hilobiak aurkitzeko ere denbora behar da baina
ez zitzaizkion erantzun osoak sekula bururatu
Telefonoaren bestaldean
kazetariak galdetu zion elkarrizketa amaitu aldera
nola hil nahi zuen
egoera hipotetikoan beti ere
aukeratzerik balu halako momentuan
Ez zuela horri buruz pentsatu
aitortu nahi zion
azken aldian kontzentratuta zebilela
biriketan airea pilatzearekin
inoiz baino biziago sentitzen zela
eta ezin sinetsirik zebilela
inoiz begiak bilduko zituenik betiko
baina bazekien ez zela guztiz egia nahiz eta
ez zitzaizkion erantzun osoak sekula bururatu
Gloriaz oroitu zen
Harriak ipini zituen telefonoen artean
hitz eskasia saihesteko
"Begiak itxita" pentsatu zuen
baina inozokeria zen hura
Hodeien usainaz edo
uraren hezeaz galdegitearen pareko iruditu zitzaion
Lotsa sentitu zuen horregatik
"Ez nuke lotsaz hil nahi" aitortu zuen biribil
lehen sentitutakoarekin lotze aldera
Ez zion kazetariari harridurarik sumatu
Elkarrizketa amaitzen ari zela zirudien
gauerdian egunsentia usaintzea zen hura
itzultzen den legioaren zuziak ukitzea
"Ez nuke lotsaz hil nahi" errepikatu zuen
eta egiazkoa zirudien isiltasuna entzun zuen gero
© Jon Benito