BIHAR ERE ARGITUKO DU EGUNAK
Mikel ez zegoen arduratuta
sabaia zeru hurbilago bat zela iruditu zitzaion
materialagoa eta errealagoa aldi berean
Gloriak deitu bitartean bazuen denbora apur bat
loreak urkatzeko
zigarroak piztu eta
aireak zelan kontsumitzen zituen ikusi
eta katuari kontserbako janaria emateko
Halaxe beste urtebetez egon zitekeela
iruditu zitzaion
bakearen apologia zela hura
Telebistan kantari ari zen Jim Morrison
Aspaldi preziatutako kolore andana
alferrik kabitu zitzaion begietan
Larrutuko ziren azalez eta hitzez biak
ez zuten ilunabarraz postalik egingo
bazekiten-eta egunsentia aurreratuko zitzaiela
elkarri deus eskatu gabe
© Jon Benito