Kontatuko dizuet nire historia,
munduko itsaslapurrik zitalarena,
besteei ondasunak lapurtzen zizkiena
harik eta bere duintasun guztia
ebatsi zioten arte.
Ez zen printzesa bat izan,
errege boteretsu baten alaba,
arotz xume baten iloba baizik.
Berak esan zidan
Mediterraneoko itsasoaz landara
bazeudela lur emankorragoak;
berak erakutsiko zizkidala
merkatari aberatsen etxeak zeintzuk ziren.
Eta nik sinetsi egin nion.
Sinetsi egin nion
bere begien berdetasuna bezalakorik
inoiz ez nuelako ikusi,
bere jenio biziak
beste aukerarik ez zidalako ematen.
Nirekin etorri eta
ezer gabe utzi ninduen
itsaso bizi batek bustitako esparruan
ezer gabe ez nintzela ezer esanez.
© Castillo Suarez