Aitortu nahi ez badut ere,

senargai bila nabil aspaldi honetan,

alaitasun dekretatuaren bila, apika.

Nire herrian arrotza naiz

eta eskertuko nuke mutila kanpokoa balitz,

horrela hemendik alde egiteko aitzakia izango nuke.

Ez zaiteztela larritu:

gustatzen zaizkit hasierak

sugandila bezalakoa bainaiz,

isatsa behin eta berriz hazten zaien horietakoa.

Gainera, gaizki aterako balitzait,

esperientziak erakutsi dit

ez dagoela sufrimendu amaigaberik.

Bakardadeak ez nazala gailen;

horixe da nire anbizio bakarra.

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus