Udaberriak abandonatu duen

haize laranja dabil.

Zakar guztiak barreiatu ditu

zarata monotono batez;

karrikak jende gutxirekin gelditu dira,

leihoak gainezka.

Nor sartu ote zaigu gurean?

Nork utzi digu berritasun hori guztia

apaletan pilaturik?

Nik gutun mingarriak idazten

ikusi nuen,

garaipena agerian uzten duten horiek,

hari ez baitio haize laranjak beldurrik ematen.

Gutunak idazteari ekingo diot nik ere

badakidalako erantzunik jasoko ez dudala;

«ezezaguna» boligrafo gorriz idatzirik

bueltatuko dizkidate

erbeste eskari sekretuak.

Nondik ote dator

haize laranja itogarri hori?

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus