Hitzak datoz ate joka zaurituen paradisura
hausnartzeko beta nahikoa ematen.
Batzuk hotel itogarrietan gelditzen dira esperoan.
Besteak, aldiz, deitu gabe heldu dira,
maitasuna erabakita izaten baita dekretuz.
Barrenean gelditzen zaizkigu akanpaturik;
heriotzara kondenatzen gaituzte
maletarik gabe eta huts usainarekin.
Buruz dakizkigun hitzak dira
gure alde deus ere erraten ez dutenak
baina gotorleku hartzen gaituzte.
Dokumentu galduetan adierazitakoa
berreskuratzeko adorerik gabe dabiltza ihesi
gure nortasunaren maitasun zantzuak
ezin aditzera emanez.
© Castillo Suarez