Geltokian itxaroten ditugu

hitz xumezko trenak,

desesperatuen erresuman

greba dagoela badakigun arren.

Begirada sarkorreko neskatxek

galderak egiten dituzte.

Paradisura sartzeko biderik zuzenena

Nafud-eko basamortutik igarotzen dela

gogoratzen dute.

Lilien usain iheskorrak

aldarrikatzen dituzten testamentuak egiten ditugu.

Barrena asetzeko ele mikatzak ez dira aski,

izan ere, teilatuetan pausatzen dira

euri tantekin batera.

Gure itxura orekatua mantentzen

hiriko murraila handiak

berreraiki genituen, ihes egiteko aukerak murriztuz.

Barkamena eskatzen dugu behin eta berriro,

ezinbestekoa baitugu barkamena aurrera jarraitzeko.

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus