Gure gogoaren kaxoiak

giltzaz ixten ditugu

aro berriak

behin eta berriz irekiz.

Ez dakigu ezin dela

deus ere ahaztu;

beste kaxoi batean

sar dezakegu bizitakoa,

besterik ez.

 

Pentsamenduak

ordenatzen ditugu

horien artean

zein den okerra

jabetzeko,

ohartu gabe

ez dagoela

pentsamendu okerrik,

lotura makurrak baizik.

 

Etorkizunerako planak

egiten ditugu

jabetu gabe

erabakirik garrantzitsuenak

oharkabean

hartzen direla.

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus