Eta nire neuronen argindarrarekin

zentral elektrikoa eraikiko dut

elektrizista on batek

zirkuitu egokia egin dezan.

 

Eta deprimitu guztien enbaxadore

izendatuko dut neure burua

gomuta gozoen itsasoaz bustitako lurraldeetan

bizi direnen eskubideak

errespetatuak izan daitezen.

 

Eta noraezean dabilen marinela izanen naiz,

etxera bueltatzen ez dena,

behin lurrean egonda

berriz itsasoratuko ez dela badakiena.

 

Eta malenkonia eta maitasunezko ekuazioak

egiten dituen matematikoarengana

abiatuko naiz

erantzun guztien galderak ezagutzeko asmoz.

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus