Hitz debekatuak

asfalto bustian

desegiten dira

eta laino bihurtzen

edo fosforo hautsa.

Bizkarra miazkatzen dizut

nire galdera guztiak ezabatuz

eta berriak eginez,

jakinda

erantzunak

poeta zaharren hitzetan baino

ez ditudala aurkituko,

inoiz ez zure ezpainetan.

Atzoko mina berpizteko beldurrak

amildegiraino eramaten gaitu

horditurik,

gure nahi guztiak

puzten dituen

horditasuna...

Berriz musukatuko ez ditugun ezpainek

gure gogoan hartzen dute bizileku

hilero alokairua ordaintzen.

 

 

© Castillo Suarez

 


www.susa-literatura.eus