Nire kumeak balantza batean olgatzen dira.
Beren barre-negarrak entzun ohi ditut,
oraindino jaio ez badira ere.
Bata arra da eta emea bestea,
nire kumeak.
Ponpaketa-lana burutzen dute
beren alegiazko zainetatik nire zainetaraino.
Arnas katean tartekatzen zaizkit
errefus-erreakzioen esperoan.
Ahotzarra irekitzen dut,
irentsi egiten dut neure burua,
digeritu, orro eta korrokada artean,
azkenik beste behin ere sortzen naizen arte.
Autofagian espezializaturiko prozesua da
ama izatea,
ama izatea,
ama izatea...
© Miren Agur Meabe