ABEGI ONA
Nortasun-agiririk gabe jo nuen egoitza hartako atea,
zubipean lo egitetik esnatzean.
Ura neukan poltsikoetan,
zenbait itsas zorri itota ileetan.
Atea zabaldu zuenak galdetu zidan:
"Ba al dakizu nora etorri zaren, seguru?".
Besoak uztartu nituen; ez nion erantzun.
Karramarro ttiki bat atera zitzaidan
naufrago-ahotik, ustekabean.
"Sartu orduan", agindu zidan.
Pausoa eman eta bat,
arruntasunak jo zidan muturrekoa
eta, zorionaren zorionez,
pixa egin nuen aldean.
© Miren Agur Meabe