MITOMANIA

 

Mito larregi zegoen burutxo honetan.

Egunero sortzen zen idolo berriren bat.

Behinola, atezainak utzi egin zidan

jainkotxo baten etxean kuxkux egiten,

autograforik ez eskatzeko baldintzarekin.

Festa bat ospatzen ari ziren:

karramarroak sugandilekin ligatzen,

loroak arranoei hegan nola egin irakasten;

apaburu ipurterre pare bat, antiojoak ipinita,

beren azken liburuari buruzko esplikazioetan;

tximino bat zokondo batean, bekozko,

gonbidatu guztiek euskaraz ez zekitelako.

Hura istant gogoangarria!

Karnabal hari esker,

etxera heldutakoan ispiluan ikusi nuen kameleoiari

piztia haiek guztiak bezain zuhur eta zintzo iritzi nion.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus