GAUZA KONKRETUAK
Sukaldean jarrita nago, makarroiak egosi bitartean.
Gauza konkretuak maite ditut
eta horien izenak errepasatzea gosaldu baino lehen:
iratzargailua, euria kalean, supermerkatua,
musuak siestan,
ardo bat, koadrila,
semearen esku ttipiak,
jendea plazan,
zu...
Kilima gozo-gozoak egiten dizkidate,
dieta ostean oturuntzak egiten dituenaren antzekoak.
Ezinezkoa zait eguneroko gauza horietatik aldentzea:
boligrafoetara itsatsi zaizkit eta ez dakit astintzen.
Dena den,
gauza konkretuek ez dute luzapenik onartzen:
makarroiak egosita daude dagoeneko.
Bizimodua honelakoxea da.
Poema baten germena hozitzen hasten denerako,
badator egunerokotasuna sakaka.
Eta mahaitik jaiki beharra,
ernegu lirdingatsu baten menpe.
© Miren Agur Meabe