AINGERUA

 

Ate faltsuak dira, txartel faltsuz seinalatuak.

Guztietan jartzen du Irteera,

eta irekitzen ditudanean,

kulunka egiten dute kirrin-karran, kirrin-karran

herdoilaren eta denbora metatuaren musikatxoaz.

Haatik, sekula ere ez naiz ateratzen kanpora.

Ate baten ostean, beste bat baitago, eta beste bat,

eta gero beste bat...

Alboetara so egin gabe egiten dut aurrera eta aurrera,

erantzun zuzena,

jarrera orekatua,

aholku egokia,

jakituria uneorokoa

ikasteko esperantzaz.

 

Azkenean aingeru bat agertzen zait ametsetan, esanez:

"Okerreko bidetik zoaz.

Atzera egin behar duzu,

Areto Nagusia jartzen duen tokira.

Zure zeure baitaren erdigunean daukazu.

Hortxe soilik aurkituko duzu, agian,

horrenbesteko grinaz desio duzuna".

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus