HIRU GURARIAK
Haizeak oroitzapen bat dakarkit.
Orduko haizekirri berbera da,
nire arimak arrokak legez diz-diz egiten zuenekoa.
Hamasei urte nituen eta hiru gurari:
mozoloaren burua,
oreinaren bihotza,
panteraren sexua.
Haizeak, hogei urteren buruan,
Bizitzaren Arbolari daragio.
Orpoan dauzkan igali umoei adi nagokie,
nola darien denboraren ironia,
nola doazen hirotuz, ahalke,
bere burua Ni Neu Naiz izenaz birbataiatu zuen
neskato haren orainaz txundituta.
© Miren Agur Meabe