Hontza oheburura etorri eta basoa ekarri zizun,

ipurtargiz eta iturri magikoz betea.

Usoa gosaria eta goizeko lehen hitzak partitzera

hurbildu zitzaizun sukaldeko leiho-erpinera.

Salara, zikoina mokofina,

fardeltxoan xirula eta kriskitinak.

Eta komunean arrano erpeluzea izan zenuen zaindari,

pixa zeure kontura egiten ikasi zenuen arte.

Eskolako brusatik galdutako botoitxo urdina

kurriloek hartu zuten irrist-gurpila egiteko.

 

Ez da basoilarrik kantuan egin ez dizunik,

ezta usapalik ere zugatik negar egin ez duenik.

 

Zure ointxoek lurrean utzitako sakonuneetan

egiten dituzte habiak

ilargiraino aita eta ama eramango dituzten antzarek.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus