Arraroaren oroizale naizelako gogoratzen ditut
zure botak eta hebilla handiko gerrikoa,
zure sudurra eta ironia.
Azaroan
haize gordinak batuko gaitu
jakin-minaren kapa sanoan.
Zure karrikako potxingoak zapalduko ditut.
Ez dut kanutorik erreko
baina lurrunez beteko dizut aurpegia kaixo esatean
eta gero arrapataka alde eginen dut balizkotik ihesi.
Gona motz eta arrakada luzeekin ikusiko nauzu
azaroan.
Kontua da berriz ere entzun gura dizudala,
xuxurlaka, akaso:
"Zer, Miren Agur".
Eta zirrara hutsal horretan ediren
andre gazte xarmanta sentitzeko beste aitzakia bat.
© Miren Agur Meabe