Basalarrosek miazkatu dute
baselizaren zurezko arkupea.
Hantxe, harrizko murruaren kontra
amodioa antzeztu genuen aspaldiko arrasti hartan.
Euriak zelaiari erauzten zion busti-hotsa
zeure hatzek atera zioten nire sexuari.
Armiarma-sarean zehar ostadarra ikusten nuen
zuk bultza eta bultza
ezerezaren kontra egiten zenidan bitartean.
Gero, trinki-tranka aldendu ginen errepidean aurrera
gorputzei bihozminaren salda epela zeriela.
Huraxe izan zen atzen enkontruetako bat,
gure azal umelak ordurako bazekielarik
elkarrentzat ez ginela.
© Miren Agur Meabe