DIAGNOSTIKOA
Eritasun hau degeneratiboa da.
Gorputzeko ehun komunikatiboak suntsitzean datza:
azala uzkurtzean
(ferekekiko sentikortasuna galduz),
ikus-fokua murriztean
(irakurgai dugun liburuaren esparrura mugatuz).
Mintzatzea ere neketsua zaigu
eta berba bat ahoskatzen dugunero,
pseudopodo gris luzez hornituta jaiotzen da
eta egongelan zintzilik geratzen,
bere patua horixe bailitzan:
oherako orduaz ezer ez dakien ameba bakana izatea.
Belarria kalteturik, gotorlekuan gaude, gor.
Dasta-papilak eta mihia elbarriturik, nagi.
Sudurzuloak antena bilakatu,
eta segituan hautematen dugu
kexu baten erre-sunda edo erdeinuaren enpagu-hatsa.
Diagnostikoa:
isiltasun-minbizi ziklikoa.
Inkubazioaldia:
eroapena praktikatzeke pilaturiko aldikadak.
Maiztasuna (barkamenaren zientziak soluziorik
deskubritu ezean):
elkarren ondoan poto egin bezainbeste bider.
Profilaxi-tratamendua:
afari bat jatetxe polit batean, noizean behin,
eta goizero-goizero
pentsamendu alairen bat egun on esatean.
© Miren Agur Meabe