Izurdeen dantza edota limoien lurrina ipar haizetzan

zeuretzen duzun legez,

hitz totelok ere asmatzen dizkidazu

lehenagoko gure amodioak lanbropean gaurkotzean.

Nire irribarrea erraz dator

euriaren bits urdinak kosta gardentzen duen egunetan.

Terrala firi-firi dabil etxeko leihoetan.

 

Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen

baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.

 

Eskuetako marretan laburbildurik dakarzun bidaian,

isiltzen dudan guztiaren karta geografiko purpuretan

keinuka dugu antsien durundia,

betilore terrible baten mehatxua eta eztanda.

Nik zuri txera egitea ez da zaila

laino keantzak isla tristea blaitzen duen egunetan.

Hormabelar apala tantaka dago teilartean.

 

Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen

baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus