Egun batzuetan
herensuge bat irristatzen zait zainetara
zikutazko kerruak muinetara jaurtitzen,
gorrotozko simaurrez barruak ontzen dizkidana.
Ez dut ezpatarik, ez dut lorigarik,
ez dut besorik nire burua jagoteko.
Berak, garaipena:
bere lerdea nire gogoan barraskilotzea.
Berak, taktika:
kea ateratzea nire ongura-horniei.
Berak, gonbitea:
sutarako deia eta behazun-zurrutada bat.
Zor-betetze orduan,
bere eskupera, ni, bere aginterri.
Nire ondasunak,
ausikika zikiraturiko borondateak oro.
Bekaitz da ozta-oztako haren narrasti-izena.
Bekaitz da nire jaun eta jabea.
© Miren Agur Meabe