Erdu.

Gerturatuko bazina

jostati, kilimusika dabilkizun nire giharren uztarrira,

baietz arin hezi zure larruaren uhalak

hain luze atzenduriko nire pasio-urruma ubela.

Eta hurbilduz gero

itsaso xahutuzko begiotara,

baietz zure adikuneak askatu desioaren gudaontziak,

bat-batean gizondutako haurrak bailiran.

Edo hurreratu nahiko bazenu

masusta-aho honetara,

baietz zure musuek garbitu ezpainotako kittoak,

eta nik berehala ahaztu: zorkoa, hartua.

Hona azalean borborka itxaron izana.

Loraila loretan bezain merke opatzen natzaizu.

Erdu, eta egin beharrekoa, laster egizu.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus