Ez dut sekula urratu nostalgiaren himena,
beste amodio hura gardenarazten duen
oroimen gozozko mintza.
Ez dut inoiz lardaskatu iragana,
bere baitan bizi litekeen
erresuma bakarraren bolumena.
Ez dut behin ere amildu musu agur-letanian bustirik
ahazmenaren aho ilunera.
Ez dut egundo bizi-altxorrean merkatu
haren negar uherraren urrea.
Ez dut egundaino bere oinazea
gorroto-zaldiaren apatx pean lehertzen laga.
Ez zait oraindik damurik arimaratu.
Ez zait, tamalez, lotsarik aurpegiratu
inork ere ezin baitu ahapez ere salatu
olerki honetako gezur-aitortza bakoitza.
© Miren Agur Meabe