Zubi zaharretatik ibilia naiz,
harri umelezko mailadietan zehar,
kanpandorre huntzorriak gogaituetan barru,
arrastiriak moreturiko arkupeetan aurrera;
arrainen herio-begiek ikusi naute,
soroetako txakurrek susmatu bidezidorrean,
baselizetako ur-ponteek islatu,
baita potin margulduen arraunek ere, abantean;
bide-ertzeko marrubiz leundu dut nire lehortea,
azaleko hauts penatua haizatu
atea jotako etxaguntzetan,
bekokiko izerdia balakatu
zenbaiten besartean goizaldera arte gozo jostatuz.
Edari usaintsuak eskaini dizkidate, mahai oparoak;
ekaitzaren mokoak burua makurrarazi dit askotan.
Eta inon ageri ez zelarik zure oinaren aztarna,
bat-batean ostatu hartu zuen nire erromes-arimak:
zure gorputza eraiki zitzaion etxerik zabalena.
Noraeza amaitu zen: eman nion zure izena.
© Miren Agur Meabe