Azalaren gozaroa itzulia izan dakigunean
ospatuko ditugu
zeure oroiz eta zeure faltaz igarotako gau-egunak
marrubirik gabeko uden antzean alde egindako
zuri-beltz arrotz eta luzeak,
xahutuko ditugu
laztanaren kopa eta amodioaren azpila
zeu aldamenerako hartu arte gorderiko
ttua eta haragia,
usotuko dira esku biluziok zure haizetzan,
eguzkituko begi ilunberok zure garretan,
zaldituko arnasa huts hau zure abiadan.
Itsasoak ekar zaitzanean,
atarietan zain izango natzaizu egun-usainetik,
ni, sinesgabea izanik,
zure gabeziak bedeinkatu ninduelako
eta itxaronaldiak zidalako irakatsi maitasun-kredoa.
© Miren Agur Meabe