OHAR LABURRAK - 3

 

Hiria handia da.

Haurtxoen gainera abaildutako itzalak bezainbestekoa.

Hausterrea dirudi pobreen azalak

kale-zokoetan kokoriko daudenean.

Hormatxoriak dituzte jagole

parkeko estatuen sorbaldetatik.

 

Hiria handiegia da.

Txatarrazko itsaso bat, talka eta talka,

gure miseriaren ziliportak aireratzen.

Zabortegiak bailiran badoaz eskaleak,

zigarrokinak aldean, kantoietako habietarantz.

Koipezko uharak geratu dira bidean.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus