OHAR LABURRAK - 2

 

Gaur ez dut bainugela garbitu,

ez naiz erosketetara joan,

arroparik ez dut zabaldu,

umea ere ez dut eskolara eraman.

 

Bakarrik nago eta prest

armaren katua zapaldu eta tiro egiteko.

Tiro egiteko irudimenaren harresiari

ireki dadin eta, pirritan,

etor daitezen pasa-hitz aproposak lerrootaraino.

 

Nekez, baina txolarreak ikusi ditut

beren buruak tximistorratzetan iltzatzen,

eta basurdeak beherantz adi espaloien irriei adi,

botila hautsiak, sasiak sutan, jendea korrika.

Dinosauro likatsuak baizik ez dira irten osinetatik.

 

Gaur ez naiz zizka-mizkan ibili hozkailuan,

anbulatorioko errezetez oroitu ere naiz egin,

telebistarik ez dut piztu,

pilulak non gorde nituen ez dakit.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus