AKIDURAZKO OHARRAK - 4

 

Ez zaude.

Horregatik desegin dira gure kontu haiek guztiak.

Burbuilazko arrosario baten antzean egin dute eztanda

punp eta punp

hala etxean bezatutako irrikek

nola kalean kuxkuxeaturiko promesek.

Dena lehertu denean,

aparra jausi da inguruetara,

ahotsak erori dira ortzi maspilduetatik nire gainera,

matxinatu egin dira espaloi hutsak

eta oinak jan dizkidate.

 

Ez naiz besaulkitik higitu ere egin,

papera eta boligrafoa hartzeko izan ezik.

Gau osoa eman dut

munstroak marraztu eta marraztu.

Goizaldean, kamamila-egoskia prestatu,

dutxa hotza hartu eta

langostinoak erosi ditut supermerkatuan,

itzuliko zaren ala ez jakiteke.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


www.susa-literatura.eus