OI, MAGAK OMENALDI HORI MEREZI ZUEN

 

Hostoak grapatu liburuak egiteko

txarteletan zerbait idatzi norbaiti emateko

urteak betetzen baditu.

Musuak erreserban eduki edozeinek

larrialdi bat balu.

Zapi gorriak zuhaitzetatik zintzilik jartzeko.

Pintura gorria botatzea makarroiei.

Bizikletak kalean utzi eta etxera erretiratu.

Eguzkia. Haizea. Belauntziak.

Hegan

egin.

Ardoa guretzat eta ura landareentzat.

Klasean lo geratzea.

Kokoaren oskolez egindako eraztuna.

Ez jakitea zer gertatzen den

gertatzen dena txarra bada.

Bakardadea

hala aukeratzen dugunean

eta beldurra

heriotzari ihes egiteko balio duen neurrian

bakarrik.

Olagarro erraldoien istorioak portuetan.

Eskolak eraikitzea.

Ortozik ibiltzea irinaren gainean.

Artea egotea bere mila formekin

gure eguneroko ekintzetan.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus