USUALIA

 

Noiz edo noiz existitu bide zen Usualia.

Usualiaz hitz egiteko zaharrenek

begiak ixten dituzte.

Usualiari buruz entzuteko gazteenek

begiak parez pare

irekitzen dituzte.

Txoriak iratzartzea debekaturik zegoen

Usualian.

Denbora laburra zen eta laburra luzea

eta burdina jaten zuten.

Usualieraz zerbait esan

eta poeta deitzen zizuten.

Usualian zoriontsuak zirela zioten.

Usualian aberatsenak leiho gehien zutenak ziren.

Jainkoa minuskulaz idazten zen.

Usualian euforia zati proportzionala egokitzen zitzaion

biztanle bakoitzari.

Usualian udaberria dekretuz hasten zen

Usualian amodioa librea zen

hain librea

non ez baitzekiten

nora egin zien

ihes.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus