VERDUN
Gu apurtuta eta odoleztatuta gaude.
Etsaia ere horrela ei dago.
Ez dakigu ezer desgasteko ofentsibez
eta eraso metodikoez.
Dakigun gauza bakarra da
gutxienez lubakira ez dela metrailazko euririk sartzen.
Maite gaituztenei idazten ematen dugu denbora.
Guk honezkero ez dugu inor maite.
Ez da inoiz gutako inor hil gutun bat
bidali behar zuen gauean.
Azkenengo orrialdean
lora bi edo zisne biren marrazkia
joan ohi da.
Ez dugu lar hitz egiten amaieraz
eta ze amaiera mota izango den.
Baina guk ez genuke zertan hemen egon.
Gerrak ekidin daitezkeela egia da.
Arma-fabriketan ere ahapeka komentatzen dute
egia dela.
© Igor Estankona