HARMONIAREN IZENEAN
Lasai
azken zigarroa itzaltzen duzun egunean
arima ez da zure aurka gehiago altxatuko:
kristalezko zerbait erori
eta apurtzen bada
alferrik da konpontzen saiatzea.
Eskuetan zauriak irekiko dizkizu.
Elaiek ere hotzarekin egiten dute alde
atzean isiltasuna utziz.
Pausoa eman behar zenuke.
Harmoniaren izenean eskatzen dizut
pausoa emateko.
Berdin zait modua baina egizu.
Hemen dagoeneko gorrotoa baino ez duzu pizten.
Tristea da zu horrela ikustea
suizida frustratu baten antzera
eskailerak igo eta igo
solairuak kontatu eta kontatu
inoiz azoteara
iritsi
ezinik.
© Igor Estankona