BAKARRIK

 

Biktimek elkar hiltzen dutenez

borreroak ez du

ezer egin beharrik.

Esan didate hura dela nire etsaia

eta biok gaude nekatuegi

odolustuta, lur jota

armiarma sarean erortzen garenean.

Soilik pozoiak konortea galarazi baino

apur bat lehenago

ulertu dugu

elkarri eskua emanda posible zela

erantzuna

galderen atzamarretan kabitzen den

eraztuna.

Azken batean badakit zergatik diren

bere begiak stop seinale bi

eta azken batean berak ere badaki

ezin diodala gorrotoa baino eskaini,

berriro moral estetikoa gure ordez

gure barruan

armiarma ehuntzen ari den

poltsa hotzaren gainetik.

Izugarria da baina berdin zait sufritzea

berak beste sufritzen dudan bitartean.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus