AZKENEAN
Jazarpen luze hartaz nazkatuta
aztiari zerbait egiteko eskatu zioten.
Izan ere umeak ibilian jaiotzen ziren
eta ipuinak izugarri sinplifikatu
eta laburtu behar izan zituzten
ahalik eta denbora gutxien galtzeko.
Gainera munduaren azken muturra hurbil ei zegoen.
Aztiak zin egin zien ihesaldia
gau hartan bukatuko zela
deidade ahalguztidunekin hitz egin ahal izateko
derrigorrezkoak ziren hiru txahalak
sakrifikatzen bazituzten.
Odola gorria da elurraren gainean.
Enperadorea bere gudarostearekin iritsi zenean
txoriak mututu egin ziren eta ura uzkurtu.
Zaldia arnasestuka zebilen.
Ehundaka oinatz txiki basorantz galtzen ziren.
Txingor hondarrak bizirik zeuden oraindik
errautsen azpian.
Beraien ondoan, lurrean,
itsas barraskilo bat utzi zuen norbaitek.
Ilargi kiribildu baten antza zeukan.
Hurbilen zegoen gerlariak jaso
eta belarrian jarri zuen.
Eskuz esku eta belarriz belarri pasatu zen
enperadorearenganaino.
Itsaso urrun bat zen entzuten zena.
Lur jota,
jeneralek herri haren ostetik ez jarraitzea erabaki zuten.
Enperadorearen oniritzia begi triste bi
eta atzera egiteko keinu bat
izan ziren.
© Igor Estankona