BEHARRA ETA LANA
Ni lehen idazlea nintzen.
Apartamentu bat neukan arrakastaren errebaleko
auzune batean.
Eskua ipurdi borobilen
eta bular konikoen gainean jarrita
egiten nuen lo.
Pobrea eta duina nintzen.
Argitaratu nituen liburuek arrakasta handia izan zuten
lagun minen artean.
Urte batzuk geroago bularrak apur bat obalatuago zeuden
eta ni apur bat nekatuago
eta merkataritzari ekin nion.
Pisu bat daukat konformismoaren
kale zentrikoenean.
Ez doakit txarto.
Funtsean lan berbera da.
Begira ezazu kaxa horien barrura:
hori da jendeari okela dela esanez
saldu behar diodana.
© Igor Estankona