ISPILUA

 

Bizitzak hiltzen du,

ez Heriotzak.

Heriotzak egiten duen gauza bakarra

bizitzak hildakoen gorpuak biltzea da

gudu zelai hartatik ere ibili zen barrezka dantzan

eguzkiaren gurpila mendietan lurrundu eta gero

lurretik hamar zentimetrora hegan

hilotzituen zuku gastrikoak edanez

eta hizkuntza urrun batean gezurrak esanez.

Tirano ankerrenaren erradiografia zirudien.

Musu isilak banatzen zituen

odol gehiegi galdu zutenen artean.

 

Mozkorturik

herrixkara abiatu zen

abere ahulak bilatu

agure gaixoei azken esperantza itzali

ume gosetiak otzara beltzean sartu

eta biziraungo zutenen izenak ikastera.

Dorretxe erdi deuseztuan sartu zen.

Jaunaren alabak negarra orrazten zuen.

Ispiluaren aurrean bere eskuak

urre zurizko arrain bi ziren

dar dar

lau

zirela zirudien zirela.

Heriotzak ez zuen ordura arte egundo

ispilurik ikusi ispilurik.

Ukabilkada batez zazpi zatitan apurtu

eta zorrotzenarekin

zainak ebaki zituen.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus