LURRALDE BERRIAN
Atzean utzi nahi duzu sufrezko denbora
eta ahalegin horretan
maite zaituztenen lepoak erretzeko
prest zaude.
Hori ez da txarra.
Ez dizut beraiengatik esaten.
Beraiek ere zu bezala orbita egokiaren bila ari dira.
Alferrik delako esaten dizut.
Ihesa delako sentimenturik bakunena.
Bidearen bukaeran ez dago hormarik ez aduanarik.
Lurralde berrira erraz sartzen da jendea.
Usainduz eta usainduz zaporea hartzen zaio.
Tigre bat ikusiko duzu
izar iheskor batetik edaten
baina
lurralde berrian ere
berdin
sentituko zara.
Zurekin joango zara zu etengabe.
© Igor Estankona