BIZITZAREN JABETZA GORPUTZEN GAIN
Haizearen atzamarrekin zure gorputza
esploratzen
interruptorearen bila
zentimetro karratu erogenoen bila
lautada guztiak
zokogune bakoitza
birkreatuz asmatuz marraztuz
nigandik irtengo balira bezala zure bazterrak
eta ilargiak zainetan itsasgorak sortu
algak ekarriz ileekin nahas daitezen.
Tinpanoa harizpi apurkorrena
kaltetzeko beldurrez
uraren tonoa aukeratzen dugu
iluntasunean elkarri hitz egiteko.
Izerdiak arrainak izan ginela
gogorarazten digu
eta leihoak
egun-argi dela.
Orduan begirada infinitutik gauden lekura
itzultzen dugu emeki.
© Igor Estankona