HIRIA UTZI AHALA

 

Autobusaren kristalak

paisajez betetzen doaz.

Ez dakit non igo zaren eta normalean lo egoten naiz

jaisten zarenean.

Horregatik zalantzan jarri ohi dut

zaren/ez zaren.

Lainoak zeruaren hezurrak direla ematen du.

Uda balitz sorbaldak agerian eramango zenituzke.

Aurrerantz joan beharko nuke

zure ondoan eseri

izena edo sua edo gau bat eskatu

baina

egia esan

ez dit gehiegi ardura nire

indar faltak.

 

Seguruenik ametsetan

paper protagonista bat emango dizut.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus