MARGARITA BORTITZAK ETA UTERORA ITZULI
Iraupena: 1'19"
Hasberriak gara iluntasun honetan
bizitzak kolpe bakar batez deskorapila gaitzake
eta ederra bezain hutsala da ahalegin hau
nola ukitzen duten hala ere elkar gure bakardadeek
gure melodrama luzeek.
Kapital patetiko hori bildu eta euripean goaz.
Zoritxarrekoak lehen ere baginen
baina orain kontzienteak gara.
Nik ez diat ezer konprenitzen ahal
esango diogu heriotzari
kristautasun formei uko egin ondoren beldurrez
kaka eginda
pilotutasuna sentipen atsegina zelakoan
bonben gainean egote horrek gerra
desagertaraziko balu bezala.
Ilargi gehienak erori dira
hain gaude nekatuta hain haginka egingo nizuke mingainean
egunero zeharkatu behar gutaz eginiko tunel zaharra
kateak aspaldi kendu zizkiguten
baina orain
gu geu gara gu geu atea-zabaldu-nahi-ez-dugunak
argia gorroto dugunak.
Eztabaida bizantziarretan sartuta gabiltzan bitartean
mundua sumin purifikatzaile bete-betean dago.
Ez da faltako bolondresik gu hiltzeko.
Moskuren aginduak zehatzak dira.
Esan ez dutela honaino etorri beharrik.
Esan lana erraztuko diegula gutxienez.
© Igor Estankona