JENDEAK ERLOJUAK APURTU DITU

 

Tabernak ixtear daudenean

eta orduak erabiliegi

urrunduz doaz pausoak

eskala isiletan.

Zeruaren zeruan

ezjakintasuna arrautzak jartzen ari da

eta portutik sirena hotsak ontzi lasaien bidaia

iragarri nahian dabiltza.

Hotzak espaloiak besarkatzen ditu.

Bake lasaian dago airea

onartzea baizik ez daukalako

erritmo hau, agindu hau, iluntasuna.

Sare berberean katuak zein mozkortiak

gerizpeek xakera jokatzen dute

eta gaueko tximeletek orbitak marrazten dituzte

farolen inguruan.

Jendeak erlojuak apurtu ditu.

Orain itzultzen bakarrik daki.

Autobusetara goizalde apur bat sartuko da laster.

Bitartean ilargiaren laurdenak

munduaren erdia zurbiltzen du.

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus