SUGEA
Horregatik heldu naiz etxera lehentxeago
horregatik igo ditut eskailerak
hain isilik
eta horregatik ireki dut atea
ez neukala uste zenuen
giltzaren kopia horrekin
horregatik eman duzu buelta eta
amuarrainen abileziaz ihes egin didazu
besoetatik eta horregatik
zangotrabatu behar izan zaitut
eta lurrera
erori
gara
horregatik
ez dizut kasurik egin
barre artean iraindu nauzunean
horregatik lehertu dira limoi bi nire eskuetan
horregatik askatu dizkizut
fraketako botoiak
horregatik
ukitu dizkizut ezpainak
eta ahoa zabaldu duzu
zabaltzen diren bezala erretzen doazen bitartean
arrosak edo paper zatiak
horregatik itzali dut argia
horregatik egin dut dena hain azkar:
defentsa prestatzeko astirik
izan ez dezazun.
© Igor Estankona