TRAJE BELTZA JANTZITA
Auzuneko umeak tronpeta-jolearen inguruan
eseri dira.
Sonnyk traje beltza jantzi du
eta ilea busti.
Patata frijituen usaina dator sukaldeko leihotik.
Ez da kontzertu itzel honen grabaziorik
inoiz
egingo.
Eskuarekin lakuan jaiotzen diren
euliak uxatu
eta lehen nota irten da
nostalgiaz blaituta.
Gero berlina zahar bat pasatu arte
itxaron dute.
Hiru segundo. Bi. Bat.
Musika zabaltzen hasi da
geldiro
ilea hazten den abiaduran.
Umeek ortozik erritmoa zuzentzen dute
Afrikarantz.
© Igor Estankona